/ Proiektuak / Ingurumena eta Jasangarritasuna

Ingurumena eta Jasangarritasuna

Tracasa Globalen soluzio geoespazial berritzaileak garatzen ari gara jasangarritasunaren eta ingurumenaren zaintzaren arloan.

Europako Ingurumen Agentziarentzat (AEMA) eta Europako Batzordeko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiarentzat egiten dugun lanean, Europako 38 estatutatik datozen ingurumen-datuen aholkularitza-, bilketa-, diseinu- eta hedapen-zerbitzuak ematen ditugu, herritarrentzako aplikazio irekiekin, horiek kontsultatu eta erabiltzeko.

Horien artean dago Airearen Kalitatearen Europako Indizea. Aplikazio horrek, bai webgunekoak, bai mugikorrekoak, aukera ematen du Europa osoan banatuta dauden 4.500 estaziok baino gehiagok biltzen dituzten airearen kalitateari buruzko datuak kontsultatzeko eta beste datu-iturri batzuekin konbinatzeko, hala nola CAMSekin (Copernicus Atmosphere Monitoring Service). Aplikazioa erreferentziazko gune ofiziala da gure kontinenteko airearen kalitateari buruzko datuei dagokienean, herritarrei airearen kutsadurari buruzko informazioa emateko eta gai horri buruzko aholkuak eta informazioa partekatzeko.

Tracasa Globalek Europako Ingurumen Agentziarentzat eta Europako Batzordearentzat garatzen duen beste aplikazioetako batek Klima-Aldaketaren Inpaktuak izena du. Mapen eta adierazleen multzo bat da, mende honetan Europa klima-arrisku garrantzitsuek nola kalte dezaketen adierazten dutenak, hala nola lehorteek, uholdeek, baso-suteek eta itsas mailaren gorakadak. Mapa horiek berotegi-efektuko gasen emisioen hainbat agertokitan eta klima-ereduetan oinarritzen dira.

Europako Ingurumen eta Osasun Atlasa, bestalde, Europako erakundeentzat diseinatu eta garatutako beste soluzioetako bat da. Web aplikazio bat da, kontinenteko edozein gunetako airearen kalitatea, zarata-maila edo berdeguneen kopurua kontsultatzeko, besteak beste. Tresna interaktiboa da, eta Check your place izeneko atala da erakargarrienetako bat. Funtzionalitate horri esker, Europako geografiako edozein puntu hauta daiteke, eta hamar adierazletan (zazpi ingurumen-adierazletan eta hiru osasunarekin lotutako zerbitzuetan) dituen mailak ezagutu. Gune bakoitzeko emaitzak zenbakizko balioetan zein grafikoetan erakusten dira, mapetan jarritako informazio-geruzen bidez.

Tracasa Globalek gai horri buruz egindako beste garapenetako bat Egokitzapen-Panela da. Web-orri horretan klima-arriskuei eta -inpaktuei buruzko informazioa dago, bai eta Europa mailan dauden egokitzapen-politika eta -neurriei buruzkoa ere. Orria oso bisuala da, eta mapa interaktiboak ditu, klima-arriskuekiko kalteberatasuna, arriskuekiko esposizioa eta egokitzeko politikak eta ekintzei buruzko informazioa ematen dutenak.

Amaitzeko, nabarmentzekoa da Tracasa Globalek MapMyTree aplikazioarekin egindako lana. Web-soluzio horri esker, Europako edozein pertsonak edo erakundek jakinarazi eta erregistratu ahal izango ditu landatzen dituen zuhaitzak, mapa batean geoerreferentziatuta eta landaketa bakoitzari buruzko informazio garrantzitsuena erantsita. MapMyTreek orain arte landatutako zuhaitz-kopurua aurkezten du bere azalean, Europako kontinenteko mapa orokor bat, non egindako landaketak kontsulta daitezkeen eta edozein pertsona edo erakunderi landaketa berri bat jakinarazteko espazio bat eskaintzen zaion. Erreferenteak gara jasangarritasunari eta ingurumenaren zaintzari laguntzen dioten soluzio geoespazial berritzaileen garapenean!